XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

errealismo sozialistaz

Gutariko bakoitzak bere bihotzaren arauera idazten du, eta gure bihotzak Alderdiarenak eta herri maitearenak dira, eta hauxe zerbitzen dugu gure arteaz. (M. Sholojov).

Joxe Azurmendi euskal filosofo entseigulari ezagunak liburu bi zituen iadanik iraultza sobietikoko arazo sozio-literarioei buruzkoak.

Bata, IRAULTZA SOBIETARRA ETA LITERATURA, 1975an Jakin editorialean publikatutakoa. Orain, Kriselu sailean Haranburu-Altuna editoreak hirugarren liburua argitaratu du: ERREALISMO SOZIALISTAZ deritza.

Errealismo sozialista, munduko guztiak dakienez, estatu sobietikoak bermaturik sortu zen mugimendu literarioa da, eta bere balioa areago da soziologikoa literarioa baino.

Estatu sozialistak literatura eta artea gidatu eta bere zerbitzuan erabiltzeko entseigua da.

Joxe Azurmendik dioenez: Prolekulturalismoa proletario iraultzagile batzuren teoria zen? Errealismo sozialista Estatuaren teoria da: literatura (artea) bere zerbitzutan ezartzen duen Estatuaren teoria (26. orr.).

Literatura, gizartea eta estatua sozialismoan bat eginik konsideratzeagatik sortu zen konzepzio hau.

Eta hiru oinharri teoriko ditu: 1) Artea, gizarte egituran, gainegitura da.

2) Gizartea klase bitan banatzen da eta artea, derrigorrez, biotatik batena izan behar da: burgesa ala proletarioa.

3) Arte proletarioa, objetiboki, proletargoaren alde dagoena da, eta objetibotasun hau alderdiak edo estatu proletarioak markatzen du.

Liburuari bagagozkio, aitortu behar da ez dela irakurketa udatiar batetarako egokiena.

Indizeraino heltzeko irakurle-zamari bat izan behar da.

Liburua zati bitan banatzen da, lehenengo kapituloan teoria sozial-errealista aztertzen da, bigarrenean bere praksia.

Hiru gauza komentatu nahi ditugu liburu honi buruz.

Joxe Azurmendi berak ere aipatzen baititu hitzaurrean: A) Liburu batena baino areago da apunteren tankera.

Textoa ez da homojeneoa, ez eta zehatza ere.

Hutsuneak bestekoak dira errepikak.

B) Joxe Azurmendik bere aurreko idazlan guztietan bezala bere obra hau Euskal Herriari begira dagoela dio, hau obligatorioa balitz bezala.

D) Hain zuzen, Euskal Herriko begirada hau polemikaren ikuspegitik egiten da, eta tesis zentralea (hots, errealismo sozialista estatuak monopolizaturiko literatura dela eta kreatibitatea eragozten duela) behin eta berriz aldarrikatzen da.

Hau frogatzen badu ere, ezer gutxi gehiago aportatzen du.

Pudovkin-en La Madre filma errealismo sozialistaren exenplua da.

J.S.